Euskararen
hauspo berria. Jon Sarasua
Berria (2014-8-7, 8)
Euskaltasunari buruz pilatutako ideiak Hiztunpolisa liburuan bildu
ondoren, plazan, hitzaldietan, dabil berriro Jon Sarasua (Aretxabaleta,
Gipuzkoa, 1966). Irakaslea da Mondragon Unibertsitatean. Beste estrategia
batzuk martxan jartzeko aukera badagoela uste du; azken hamarkadetan
ikasitakotik, beste pauso bat egin litekeela.
Beste pauso baterako unea dela zabaltzen ari da. Ziklo
berri bat?
Ez nuke ahoa beteko ziklo baten amaieraz hitz eginez. Aro bati buruz hitz
egin badezakegu, 50 urtean kokatu beharko genuke euskalgintza modernoaren aro
hau. Aro honetako ardatz nagusiak martxan daude, eta martxan segitu beharko
dute: corpusaren garatzeak, hezkuntzako ahaleginak, hedabideek, helduen
euskalduntzeak, kulturgintzak, enpresenak... Beste kontu bat da badagoela aro baten balantzea egiteko
arrazoirik, badaudela sintoma kezkagarri batzuk; bestetik, baldintza
soziopolitiko eta soziologiko berri batzuk usaindu ditugu. Horrek marka
dezake estrategia berri batzuk martxan jartzeko komenientzia. Baina estrategia
bisioaren alaba da, etorkizun-ikuspegiaren alaba. Eta bisioa dago pixka bat
lausotua. Ametsa ekoiztu behar da berriro.
Botilaren irudia maiz erabiltzen da; batzuek erdi
hutsik ikusten dute, eta besteek, erdi beterik. Zuk diozu uste baino gerri
zabalagoa duela botilak eta zuloak dauzkala.
Botila honekin bezala beste batzuekin, tamaina kalkulatzeko eta gauzak
lortzeko gaitasuna aurreikusteko arazoak izan ditugu iraganean, nerabetasun
ideologikoa indartsua izan delako. Euskalgintzaren botilan, nire ustez komeni
da aitortzea botila uste zen baino gerri zabalagokoa dela. Asko bete da, baina
itzela da oraindik betetzeko geratzen dena. Zuloak ditu, gainera; gaur egungo
gizarteek daramaten abiaduran aurrera ez bazoaz, atzera zoaz. Bestetik,
kuantitatiboki hazitakoa ere askotan ahula da kualitatiboki. Adibidez, hiztun sendo
izateko motibazioaren erreprodukzioan baditugu pitzadurak. Datorkigun
kultura-sorkuntza uholdeak ekartzen dizkigun desafioak ere aipagarriak dira.
Ilusioa, kemena gutxitzen ari da?
Kontuz ibiliko nintzateke halako apreziazioetan. Ibili egin behar da asko
bazterretan; haietan ikusten da ilusioen tenperatura. Nire begiratu mugatuan,
bazter batzuetan oso bizirik dago kemena, eta egungo belaunaldiak aurrekoak
gainditzen ari dira, bizinahiari eusten zaio. Beste kontu bat da trantsizio osteko ilusio olde hura ez
zela erabat ondo kudeatu, eta gaurko sugarrak bestelakoak direla.
Euskaltasunari atxikitzeko modua desberdina dela belaunaldi berrietan;
beharbada, leialtasun solido gutxiagokoa, ahulagoa gauza batzuetan, baina, aldi
berean, lehen baino hedatuagoa. Ur berri horietan igeri egiten ikasi beharko du
euskara jendeak.
Diskurtsoa berritu behar da?
Doinu beregain bat ekoiztu dezake euskalgintzak. Kontua ez da diskurtso bat
bestearen ordez kokatzea. Uste dut euskalgintzak asmatu behar duela gizarte
osoari —eta gizartea oso zabala eta askotarikoa da euskararen lurralde osoa
hartzen badugu— helarazten euskararen ametsaren doinu autonomo bat. Euskararen
ametsaren doinu propio bat, alderdi blokeek transmitituko dizkioten doinu
elektoralez beste usain propio bat izango duena. Hori izan liteke etorkizuneko
diskurtso lanaren koloreetako bat.
Alderdiak alde batera utzita?
Ez. Alderdiak ezin dira alde batera utzi. Azkenean, gai hau polistikoa da;
polisaren korapilo bat da, eta, horren barruan, politikoa ere bada zentzu administratiboan.
Alderdiak inportanteak
dira, eta beren esparrua dute. Egin behar ez duguna da esparruak
nahastu, euskalgintzako erakundeak alde batera etzan edota alderdien indar
metaketarako gai hau erabili. Euskararen aldekotasun sakonena gizarteak alderdi
edo bloke batekin subliminalki identifikatzea, ba, bloke horrentzat oso
tentagarria da boto metaketarako. Baina euskararentzat tamalgarria litzateke
epe ertainera. Ez gaude horrelako akats estrategikoak onartzeko moduan. Uste
dut rol banaketa bat
posible dela: batetik, zer doinu, diskurtso eta amets jariatu behar duen
euskararen komunitatearen erdigune antolatuenak. Eta horrek alderdien usainetik
erabat urrun egon behar du. Bestetik, gai honekiko zein den alderdien rola
beren logika elektoraletan eta gestio publikoan.
Akordiorako aukerarik badago?
Bai. Eraiki liteke zoru komun moduko bat, ezkontzarik gabeko adostasuna,
beste alor askotan gertatzen den bezala. Bere diskurtsoa egin dezake gizarte
mugimendu edo gehiengo sindikal edo enpresarial batek, eta alderdiek eduki
dezakete haiekiko adostasun handiagoa edo txikiagoa, ezkontzarik gabe. Edo kasu
honetan garrantzitsuagoa dena: identifikazio subliminalik gabe. Denok dakigu identifikazio
zuzenik ez dela egiten, baina identifikazio subliminalak bai. Zorrotzago saihestu behar
ditugu. Euskalgintzaren mezu autonomoaren uhina sinesgarritasunez hedatzen bada,
horretan doinu berri moduko bat sortzeko gai bagara lurralde osorako, mende
honetan gauzak hobeto egin ditzakegu.
EAEra mugatuta, legebiltzarreko alderdiak ados jar
daitezke?
Zailtasunak handiak dira, eta adostasun sendoa lortzerik ez da izango.
Baina zertarako dago alderdien jokoa? Herri batean alderdien artean ikusi egin
behar da zer blindatu, zertan ez lehiatu, zertan lehiatu eta zertan demagogia
egin. Dena uzten bada demagogiarako, gutxiago aurreratuko dugu. Kontua da
euskalgintzaren erdiguneak bere doinua eta erdigunea markatzea. Gero alderdiek
ikusiko dute zer kalkulu egiten dituzten hor gehiago edo gutxiago kokatzeko edo
euren arteko adostasunak lortzeko. Badakigu zailtasunak daudela, dena ezingo
dugula besarkatu. Euskal hiztun komunitatearen geruza zibil antolatuak ekoitz
dezake bere doinu propioa. Eta alderdiei jokaleku adostuago bat eskaini, zoru
komun minimo batean. Sinesgarritasun zeharkatzailea irabazi behar du
horretarako, orain arte baino handiagoa.
Nafarroan eta Iparraldean, erakundeen babesik gabe,
nola jokatu behar luke euskalgintzak?
Susmoa badut, adibidez, Iparraldean aro luze honetan euskararen bandera ez
ote den hartu minoritarioa den ideologia abertzale ezkerzaletik. Sektore horrek
ez du lortzen euskararen gainbehera amildu hori geratzerik. Seaskaren aurrean
txapela kendu behar da, baina egoeraren norabidea larria da. Barnealdeko
herrietan hiztunen hariak lotu eta komunitatea eratzekotan, nondik hasi eta zer
tonurekin egin? Euskara ekarri duten, eta mundu politiko abertzaletik oso urrun
dauden tradizio politikoetako pertsonekin zoru komuna osatzen hasiz gero,
bestelako gauzetan, bestelako mezuetan, bestelako dinamiketan? Galdera polita
da gainerakoan noizko kalkula litekeen Baiona edo Ortzaize euskal estatu
batean. Gaur bizirik gaudenok ikusiko ez dugun zerbaiten izenean merezi du
Urepeleko hiztun komunitatea erabat pitzatzea? Aho txikiarekin diot hau,
gutxiegi baitakit, eta bertakoen susmoek balio baitute gehiago. Bestetik, arlo
batzuetan pista asko ematen dizkigute Bidasoaz bestaldeko eta Nafarroako
euskaldunek.
Abertzale ez direnak erakartzen asmatu da?
Gutxiegi, nik uste. Hezkuntzatik, elkarteetatik eta abarretatik asko egin
dela aitor dezagun lehenbizi. Bestetik, beste musika batzuk izan dira nagusi
herri honetan, politikoak, armatuak eta abar. Egoera horretan, ahal zena
egin da. Abertzaletasunaren garrantzia handia izan da XX. mendean euskarari
eusteko eta garatzeko, bakoitzari berea. Bestetik, euskaltasunarekiko
atxikimenduak abertzaletasuna gainditzen du, lehen eta orain. Horri
bisibilizatzeko ona da ikustea gure idazle sonatuenetako batzuk ez-abertzale
argi agertzea, baina askoz harago doa gaia. Kontua da hemendik aurrera zer
hamarraldi datozen, zer soziologia izango dugun, zer jokaleku politiko eta
kultural izango diren euskararen lurraldeetan, eta hizkuntza komunitate bezala
nola egin behar dugun bidea.
Aukera ikusten duzu erakarpen horretan pausoak
emateko?
Baditugu indarguneak. Eta oro har, arlo emozionala ez daukagu kontra. Baina
askotan gertatzen da euskalgintzak zirkulu euskaltzaleetatik pentsatzen duela,
jende baten zirkuitu txikietatik. Garraio publikoan bidaiatu behar da Iruñean
eta Irunen, Ezkerraldean eta Baionan. Eta liberalismo pluralista oinarri duen
gizartean biziko gara; zibilizazio kontua da jadanik, eta zuk ez diozu esango
autobusean alboan duzunari zer telefono erosi eta zer hizkuntzatan nabigatu.
Euskaraz eta kitto! bezalako berbandi horiek tokitan daude benetako gure demolinguistikan.
Euskal Herri osoa euskalduntzearen ametsa doitzeaz ari
zara?
Etorkizun-ikuspegiak edo ortzimugak zabala izan behar du, anbiziotsua; tira
egin behar dio praktikari. Ortzimuga errealitatetik harago jartzea ezinbesteko
ariketa da. Exijentea da hori marraztea, hor urtu behar direlako iraganaren
ezagutza, ibilaldiaren esperientzia, orain arteko estrategien maneiua,
datorrena usaintzeko gaitasun intelektuala... Ortzimugak adimentsua eta
mobilizatzailea izan behar du. Etorkizun-ikuspegiaren plano horren azpian
kokatu behar dira gero proiektu edo amets doituak. Kolektibo eta belaunaldi
baten gaitasun errealei egokitutako ametsak. Doitu, horiek egin behar dira,
belaunaldi baten gaitasun zehatzei lotutako amets kolektibo zehatzak. Baina
ortzimugak zabalagoa izan behar du, eta nire ustez, gaur egun, lausoa, kolore
batzuk zeruertzean, amets zehatz asko kabitzeko.
Arnasguneei buruz asko hitz egiten dute. Garrantzia
ematen diezu?
Uste dut interesgarriagoa dela pentsatzea hegemonia gune edo dentsitate
gune funtzionaletan, arnasgune geografikoetan baino. Batak ez du bestea
kentzen, biak behar ditugu. Koiuntura honetan, uste dut dentsitate gune
funtzionalak behar ditugula: izan liteke unibertsitate bat, hedabide sare bat,
kulturgintzako mugimenduak, edo zirkuitu egonkorrak... Arnasgune geografikoena
ere ez dago gaizki esana, baina pixka bat erlatibizatu egin beharko genuke
horietan itxaropena jartzea. Besteak beste, gaur egun herri txikienak ere
nolabait hirigune direlako, eta ikusten dugulako horietan ere ahultasunerako
zantzuak badirela. Herri euskaldunenei eman diezaiekegu rol garrantzitsua
betetzen duten kontzientzia, baina, aldi berean, ezin dugu ezer zamatu haien
gainean. Hor daude hirigune handiak, eta Bilbo, eta Gipuzkoako herri handiak,
eta Nafarroa, eta Lapurdi...
Ezagutza asko handitu da azken urteetan, baina
erabilera, ez. Joera horrek harritu zaitu?
Unibertsitatean ikusten dugun lagina kezkagarria da. Diskurtso hori aspaldi
nagusitu da: erabileran dagoela arazoa. Baina ezagutzaren eta erabileraren
binomioa erabiliz ez da gauza handirik ulertzen. Gutxienez motibazioaren gaiarekin
triangulatu behar dira, eta elementu kualitatibo asko daude, kulturaren
fluxuarena eta abar. Etorkizunean motibazioaren erreprodukzioan dugu arazo
handietako bat, erabilera elikatzeko. Gertatzen ari dena ulergarria da.
Ahalegin kuantitatibo handia egin da hezkuntzan, txalogarria; baina dimentsio
kualitatiboei ez diegu behar beste begiratu. Hiztun komunitate bat
artikulatzeak behar dituen beste hainbat gairi begiratzeko garaia da, dimentsio
kuantitatiboa ahaztu gabe, noski.
Eskema egokia izan da? Ezagutzan jarri indar handia,
uste izanik erabilera etorriko zela hala.
Hori izan da 50 urte hauetako aroaren diseinua. Eta ez zen marrazki txarra
garai hartarako. Pisu guztia ere ez zen jarri hezkuntzan. Hor izan dira
corpusaren adarra, hedabideena, kulturgintzarena,
euskalduntze-alfabetatzearena, administrazioa euskalduntzearena... Hala ere,
itxaropenaren zati handia jarri da hezkuntzan, eta horren kopuruetan. Zentzua
izaten segitzen du. Tira, orain gehixeago ikusi dugu, gehixeago dakigu.
Hizkuntzaren biziberritzea zuhaitz bat da, adar-enborrak ditu, eta adar-enbor
bakoitzak bere adarrak eta zotzak. Hezkuntza da adar-enbor bat. Egin ditzakegu
gauzak hobeto, eta bestetik galdetu dezakegu egiten ari garena ote den egin
behar duguna. Adibidez, kontua ez da soilik A eta B ereduak D eredura
migratzea. D ereduak berak dauka gaitza barruan.
Gaur egun bizi garen egoeran, hedabideek,…
martxan segitu beharko dute. Baina, bestetik beste sintoma batzuk daude, hala
nola, baldintza soziopolitikoa eta soziologikoa. Estrategia berri batzuk
martxan jartzeko komenentzia sortu dezake horrek. Baina estrategia bisioaren
alaba da, eta pixka bat ilunduta dago.
Euskalgintza nahiko garatua dago, baina askoz
gehiago egon daiteke, eta honek “zuloak” ditu. Eta gaur egun, ez baldin badago
garapenarik, atzerapena egongo da.
Bere ustez, ilusioa ez du kemena gutxitzen.
Leku askoetan oso bizirik dago kemena, eta
izan daiteke ilusioa ez egotea ondo kudeatuta.
Jon Sarasuak dio euskalgintzak “doinu propio
eta autonomo” bat izan behar du etorkizuna berritzeko.
Bestetik, alderdiak oso garrantzitsuak dira,
eta alderdi bakoitzak bere esparrua du.
Jonek dio rol banaketa bat posiblea dela: Alde
batetik, ze doinu, diskurtso eta amets jarraitu behar duen. Eta bestetik, zein
den alderdiaren rola gaiarekiko.
Legebiltzarreko alderdiak ados jartzeko zailtasun
handiak daude, baina hobekuntza bat egoteko alderdiak jkaleku adostu batean
egon behar dira.
Akordiorako aukera dago, euskalgintzaren mezu
autonomoaren uhina hedatuz gero, gauzak asko hobetu daitezkelako.
Iparraldean seaskaren aurrean txapela kendu beharko dira babes eskasagatik.
Abertzale
ez direnak erakartze mugimendua gutxiegia izan da bere ustez.
Indarguneak
ditugu, baina, askotan euskalgintzak zirkulu euskaltzaleetatik
pentsatzen duela, jende baten zirkuitu txikietatik.
Jonek dio Etorkizun-ikuspegiak
edo ortzimugak zabala izan behar duela. Eta bere ustez, pentsatu beharko genuke
hegemonia gune edo dentsitate gune funtzionaletan, arnasgune geografikoetan
baino, nahiz eta biak beharrezkoak izan.
Bukatzeko, motibazioaren
erreprodukzioan dugu arazo handietako bat, erabilera elikatzeko etorkizunean.
Gertatu dena da ahalegin kuantitatibo handia egin dela hezkuntzan, baina dimentsio
kualitatiboei ez diegu hainbeste garrantzirik eman.
Baina egin
ditzakegu gauzak hobeto eta hizkuntzaren biziberritzea
zuhaitz bat da, adar-enborrak dituena, eta adar-enbor bakoitzak bere adarrak
eta zotzak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario